XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia esan, ez dugu datu zehatzik Historiaurreko gizonaren bizitzari buruz, esangura historiko hertsiaz hitz eginez, ez bait dugu benetako dokumenturik hartaz, baina hala ere, orduko zenbait lorpen eta tresnaren erreferentzia zuzena dugularik, neurri batetan garai haietan emaniko oinarrizko pausoak berreraiki ditzakegu, hurrengo gaietan datu historiko-geografiko zehatzagoekin abiatu ahal izateko.

Aipaturiko mugen barnean, beraz, Aro Paleolitikoan, Aro Neolitikoan eta Metalen Aroaren hasieran emaniko pauso teknologiko-zientifikoak aztertuko ditugu gai honetan, horrela Fisikaren Historia laburtu honi hasiera emateko.

ARO PALEOLITIKOA Harrigarri samarra gerta daiteke Aro Paleolitikoaren Fisikaz hitz egitea, baina zientziaren arlo honen helburua materiaren konportamoldearen azterketa izanik, Naturako indar-mota desberdinen azterketarekin zerikusirik duena Fisikarekin lotuta dagoela esan dezakegu.

Zer esanik ez, beren esangura zabalenean hartzen ditugu hemen fenomeno fisikoak.

Bestalde, historiaren arloan gaudela, Fisikaren kontzeptuaren zehaztapena oso gauza berria dela esan behar dugu, azken bi mende hauetakoa nagusiki.

Aintzina, Jakintzaren arlo guztiak elkarrekin lotuta zeuden, Zientziaren lanketaren hasieran ez bait zegoen orain dagoen bezalako espezializaziorik.

Horregatik ez da arraroa izango, gaur egun Fisika, Kimika, Matematika, Medikuntza eta abar banandurik ikusten baditugu ere, garai haietan (eta duela bizpahiru menderarte) denak Naturaren Filosofiaren atalak izatea.